Power Point
Caso clínico
Ampliación de información
Vídeos
Editorial

Komunitate elebidunak: ama-hizkuntza eta komunikazioa kontsultan

Carlos Coscollar Santaliestra

Especialista en Medicina Familiar y Comunitaria

Carlos Coscollar Santaliestra

Especialista en Medicina Familiar y Comunitaria

Hizkuntza, era ezberdinetako zeinuen konbinazioa erabiliz eta itundutako hainbat arau errespetatuz, adieraztea eta komunikatzea (komunitatea eraikitzea) ahalbideratzen digun aparteko konbentzioa da. Bada, eraikuntza soziala da, pentsamendua sortu eta helaraztea ahalbideratzen duen herentzia kulturala.

Hizkuntza, komunikazio eraginkorra lortzeko baldintza da, garrantzitsuena agian. Baina, ez dago zalantzarik, hizkuntza eta komunikazioa ez dira gauza bera. Komunikazioa, gutxienez, igorlearen asmoa eta hartzailearen partaidetza behar dituen prozesu konplexua da. Biak esperientzia eta esanahi propio eta ezberdinetan murgilduta daude, adina, klase soziala, jatorria, hezkuntza eta generoa bezalako aldagaiek eragina dutelarik. Prozeduraren konplexutasuna dela eta, igorri nahi den mezua (asmoa) jasotzen den mezuaren ezberdina izan daiteke. Askotan, beharbada errealistagoa da «komunikazio erabilgarri» bat nahi izatea, uneko eta testuinguruaren beharrari erantzuten diona, alegia: «elkar ulertu izanaren» konfiantza izatea.

Komunikatu hitzaren etimologiak bat etortzeari, hitzarmenari (bihotzak hurbiltzeari), batasunari, biltzeari, hartu-emanari, elkarbanatzeari eta partekatzeari (komunitatea egiteari) egiten dio erreferentzia, amankomunean dugun hori baita partekatzen duguna.

Espainiako Errege Akademiak (RAE), laburki, honela definitzen du komunikazioa: pertsona bat daukagunaren partaide egiteko ekintza edo igorleak hartzaileari kode komun baten bidez seinaleak transmititzea.

Zaintzaren testuinguruan komunikazio eraginkorra etengabeko erronka da pazientearen egoera emozional eta zaurgarria direla medio, hizkuntza komunikazio tresna bat baino gehiago delarik[i]. «Emozio ezberdinak edo mina adierazteko eta aurre egiteko moduak alderdi afektiboarekin du lotura, eta kulturak eta familia inguruneak asko baldintzatzen dute»[ii]. Bereziki, adinekoen, pediatriakoen edo dibertsitate funtzionala dutenen artean.

Oztopo linguistikoek gaizki-ulertuei, aurreiritziei, jarrera negatiboei, tratu ezberdintasunari, antsietateari eta akats desberdinei bide ematen diete1, hanka-sartzeak eta okerrera egindako harreman terapeutikoak eraginez. Ondorioz, zaintzaren kalitatean eragiten du1-5 eta pazientean oinarritutako arreta eredua arriskuan jartzen du.

«Ama-hizkuntza komunikazio sozialerako dugun lehen tresna da, eta horrez gain, sinesmenekin, balioekin eta identitatearekin lotura handia du»2. Ondorioz, ama-hizkuntza erabiltzeak oztopoak saihesten ditu: ama-hizkuntza emozioaren eta ikasitako kulturaren hizkuntza baita eta  hitzik gabeko komunikazioaren eskutik doa1.

Ama-hizkuntzak zaintzaren testuinguruko komunikazioan duen funtsezko garrantziari dagokionez, esan genezake komunikazioaren eraginkortasunean kultura eta hizkuntza ezberdintasunek izan dezaketen irismenari eragiten dioten baldintzak daudela. «Ezberdintasun horien faktore erabakigarria komunikazio trukeari eragiten dioten mailan datza, ezberdintasun horiek existitu izan ez balira hutsalak izango bailirateke»1.

Baina gaineratu dugu desberdintasun edo asimetria horiek, komunikazio eraginkorrerako oztopo gisa ulertuta, ez dutela beti garrantzi bera. Gaur egungo kontsultetako errealitatea kulturanitza eta eleanitza da. Hau da, komunitate bilingueetan planteatutako gaiez haratago doa arazoa, horregatik gero eta beharrezkoa da kulturarteko komunikazioan konpetentziak eskuratzea.

Pazienteak ama-hizkuntza ez den hizkuntza batean artatzearen esanahi eta ondorioaren inguruko eztabaida beharrezkoa da, ñabardurak eta konplizitatea behar dituena. Herrialde honetako testuinguru politikoak, eta agian sozialak, ez du eztabaida hau errazten.

Aniztasun linguistiko eta kultural espainola da nagusi. Estatu elebakarrak dira salbuespen. Uka ezin daitekeen aberastasuna da, alde batetik, babestu eta errespetu behar dena eta, bestetik, topagune bat izateko aukera eskaintzen diguna, asmo hori partekatua bada. Eztabaidaezina da ama-hizkuntzan eskaini beharreko arretaren garrantzia, zaintzaren kalitatea bermatzeko eta pazientearen beharrak asetzeko2-5. Baina, aldi berean, ezin da ukatu kontuan hartu beharreko zilegizko beste interes batzuk daudela. Lurraldea, kultura, tradizioak eta hizkuntza partekatzen ditugu. Zalantzarik gabe dauden ezberdintasunek, historia eta bizikidetza arrazoiengatik, ez dute esanahi kode bat partekatzea eragozten, «komunikazio erabilgarria» errazten dute baizik, hau da, hizkuntza amankomunean «elkar ulertzea». Bestetik, jatorri bereko hizkuntzek dituzten antzekotasunak errazten du (euskara izan ezik) tokiko hizkuntzak (ama-hizkuntzak) ikasteko konpromisoa. Tokiko hizkuntza ikastea eta arrazoizko epe batean erabiltzeko konpromisoa hartzea, beraz, aukera erreala da eta betebehar etiko bat, gauzak ondo egiteari dagokionez, hots, kalitatezko zaintza bermatzea.

Arazoari aurre egiteko zentzuzko modu bat dela iruditzen zait, lehenik eta behin pazienteen eskubideak errespetatzen dituena, baina baita profesionalen eskubideak ere, haien lanbide aukerak ez bailirateke «meritu» batengatik mugatuta egongo, aldez aurreko baldintza baztertzailea askok ez baitugu partekatzen. Bestetik, gero eta handiagoa den arazo bati aurre egiteko modu bat litzake: ama-hizkuntza ezberdinak dituzten profesionalek saihestu ezin duten, beharrezkoa duten eta hazten doan mugikortasuna. Berez ez da meritua ama hizkuntza hitz egitea, zoriaren ondorio baizik. Hau da, ez da «pertsona baten ekintzen edo ezaugarrien ondorioz aitortzen edo goraipatzen den eskubidea» (RAE). Lanpostu jakin bat lortzeko ama-hizkuntza ez hitz egitea ez litzake zigortu ezta diskriminatu beharko, ez eta sine qua non baldintza bat izan beharko ere. Esanahiez osaturiko testuinguru kulturalean, modu eraginkorrean komunikatzea ahalbideratzen digun hizkuntza amankomun bat dugu, «komunikazio erabilgarria» errazten duena. Hala ere, eta azaldutakoarekin bat etorrita, arrazoizko epe batean lurraldeko hizkuntzan ez aritzea meritu falta gisa hartzea eta ezartzen den baldintzetan zigortzea zilegi dela dirudi.  Profesionalak horri uko eginez, nolabaiteko alferkeria, mespretxua edo beste interes batzuk adieraziko lituzkeen jarrera militantea erakutsiko luke.

Administrazioak eta lanbide elkargoek ikasteko sarbidea erraztu beharko lukete, besteak beste, baliabide eta ordutegiari dagokionez, eta gai hauekiko sentsibilitatea areagotzeko estrategiak ezarri beharko lituzkete, graduatu aurretik zein ostean. «Gai profesionala da, eta ez soilik legala edo identitarioa. Minimoen printzipioari erantzuten dio, pazienteak adierazi eta ulertu ahal izatea errazten duena eta erosoen sentitzen diren hizkuntza errespetatzen duena, paziente gisa duten autonomia erabat errespetatuz»2.

Euskararen kasuan konponbidea zailagoa da. Ez da ezer aldatzen, jakina, ama-hizkuntzaren garrantziari eta haren erabilera errazteko eskakizunari dagokienez. Baina ageriko ikasteko zailtasunak, gutxienez, denbora arazo bat sorrarazten du. Bien bitartean, datuek interpreteak edo online itzulpen tresnak erabiltzea profesionalen eta pazienteen gogobetetasuna areagotzen dutela adierazi dute, pazientearen zaintzaren eta segurtasunaren kalitatea hobetzen dituelarik1,3. Beste alde batetik, Osakidetzako profesionalentzako, hainbat eremu barne hartzen dituzten sustatze ereduak ezar daitezke, arazo edo ulermen arazo handiagoak identifikatzen diren landa-eremuak batez ere.

«Arretaren kalitatea ama-hizkuntzarekin hobetu daiteke»1. Bide eman diezaiogun, hortaz, pazienteen eskubidea errespetatzeko moduari, ama-hizkuntzan adieraz daitezen bultzatuz eta erraztuz. Ez hainbeste identitate edo lege eskakizunengatik, kalitate handiagoko arreta bermatzeko baizik. Eta mantendu dezagun profesionalen eskubideekiko sentsibilitatea, arretaren kalitatea zaintzeko eta hobetzeko modu bat baita.

Bibliografía

  1. Hemberg J, Sved E. The significance of communication and care in one’s mother tongue: Patients’ views. Nordic Journal of Nursing Research. 2021; 41(1): 42-53. doi:10.1177/2057158519877794
  2. Tolchinsky Wiesen G, Calvo Escalona R, Inzitari M. La atención médica en los territorios bilingües. Med Clin (Barc). 2023ko urtarrilak 5; 160(1): 39-43. doi: 10.1016/j.medcli.2022.07.023
  3. Seale E, Reaume M, Batista R, Eddeen AB, Roberts R, Rhodes E, et al. Patient-physician language concordance and quality and safety outcomes among frail home care recipients admitted to hospital in Ontario, Canada. CMAJ. 2022ko uztailak 11; 194(26): E899-E908. doi: 10.1503/cmaj.212155
  4. Cano-Ibáñez N, Zolfaghari Y, Amezcua-Prieto C, Khan KS. Physician-Patient Language Discordance and Poor Health Outcomes: A Systematic Scoping Review. Front Public Health. 2021eko martxoak 19; 9: 629041. doi: 10.3389/fpubh.2021.629041
  5. Al Shamsi H, Almutairi AG, Al Mashrafi S, Al Kalbani T. Implications of Language Barriers for Healthcare: A Systematic Review. Oman Med J. 2020ko apirilak 30; 35(2):e122. doi: 10.5001/omj.2020.40

Cómo citar este artículo...

Coscollar Santaliestra C. Komunitate elebidunak: ama-hizkuntza eta komunikazioa kontsultan. AMF..

Comentarios

No hay comentarios